MONDRABERRI 2015eko azaroak 22
Atzo bi urte bete ziren Fagor Etxetresnak kooperatiba hartzekodunen lehiaketan sartu zela. Erorketak kaltetutako pertsona ugarik (Ordaindukoak adibidez) “ez dute jairako gogorik”, hau da, Fagor CNAk jardueraren berrabiaraztearen lehen urteurrena ospatzeko jairako. Ordaindu Udalarekin eta CNArekin bilerak egin izan ditu, eta “adostu dugu alkatesak berak eta Fagor CNAko ordezkariek komunikatu bat irakurtzea”.
Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2015eko azaroak 22, zapatua
Atzoko egunean Fagor CNA jaia ospatu zenArrasaten, enpresa berriak orain dela urtebete jarduera abiarazi zuela ospatzeko.
Dena den, atzo ere bi urte bete ziren Fagor Electrodomesticos hartzekodunen lehiaketa aurkeztu zuela.
“MCCko zuzendari talde baten jokabide negargarriaren ondorioz – salatu du Ordainduk beste behin - 2.000 pertsonek euren lanpostuak galdu zituzten, eta askoz gehiagok euren bizitza osoko aurrezkiak”.
Horregatik, elkarteko zenbait kidek bilkura isila egin zuten atzo arratsaldean Herriko plazan, Fagor CNA jaiaren testuinguruan.
Ekitaldiaren helburuak izan ziren “gogoratzea Fagor Electrodomesticoseko erorketaren ondoriozko arazoek konpondu barik jarraitzen dutela. Baita ere Fagorreko kaltetuok eta gure familiek jaia ospatzeko arrazoirik ez daukagula”.
Ordainduk atzo jakitera eman zuen Udalarekin eta Fagor CNArekin bilerak egin izan dituela. Horren ondorioz, “adostu dugu alkatesak eta Fagor CNAko ordezkariek ondoko komunikatua irakurtzea”:
“Jarduera berrabiarazi zenetik urtebete igaro da, eta oso pozik gaude enpleguaren sorreran izandako eboluzioagatik. Ez dugu aukera hau galdu nahi gogora ekartzeko enplegua galdu zutenak, nahiz eta hazten jarraitzeko esperantza zuten, baita enplegurako aukerak eskaintzeko ere gaur egun oraindik sufritzen jarraitzen dutenei…”.
Gainera, “ekitaldi honekin Arrasateko herri osoari eskertu nahi diogu azken urte honetako sostengua. Bereziki gogora ekarri nahi dugu Fagor Electrodomesticoseko langile eta langile ohi kolektibo osoa. Euren beharrak ez dira behar bezala bete, ahaztu barik aurrezkiak itzuli ez zaizkienei, enpresa barruan era ezberdinetan aurrezkiak zituztenei. Ziur gaude arazo ezberdin hauek landuak izango direla eta behar bezala konponduak”.