Txema Gisasolak dimititu ostean, Behin-behineko Kudeaketa
Batzordea zeritzonak Korporazioko bi kide bidali zituen gurekin hitz egiteko.
Horiek esan zigutenez, Behin-behineko Kudeaketa Batzordea ohiko kudeaketaz
arduratuko zen soilik, lehendakari berria hautatu arte, eta ez zuten guretzako
irtenbiderik. Harrezkero, urte osoan zehar, elkarrizketak eskatu ditugu behin
eta berriro, baina EZ digute eman. Aurreko lehendakariak (Txema Gisasolak)
arazo bat genuela aitortu zuen, eta irtenbideak egon egon zitezkeela.
Gaur egun, halere, bere buruari Biltzarraren Batzorde
Iraunkorra izena eman dion eta nork osatzen duen ere ez dakigun organo batek erakunde-deklarazio
bat atera du, gure erreibindikazioekiko jarrera azaltzeko. Deklarazio hori,
BAINA, harrigarria bada ere, erakundearen webgune batean (TU Lankiderenean) zintzilikatzera
eta, ustez, Noticias de Gipuzkoa egunkarira bidaltzera mugatu da. Egunkari
horretan eta hirugarren baten ahotik izan dugu albistearen berri.
Tamalez, erakunde horrek ez du bere burua agertu (oraindik
ere ez baitakigu nork osatzen duen) eta, gainera, ez du aurrez aurre
erantzuteko adorerik ere izan, nahiz eta, hainbatetan eta zenbait bitarteko
erabiliz, Mondragoneko zuzendaritzari hitzordua eskatu diogun. Gaitzesgarria
benetan. Gaitzesgarria da, halaber, Behin-behineko Kudeaketa Batzordeak (ezagutu
dugun eta zuzenean eta zeharka solaskide izan dugun erakunde bakarrak) edo,
itxuraz behintzat, haren ordezkoa den organoak, Biltzarraren Batzorde
Iraunkorrak, gu hartzeari uko egin ostean, jakinarazpen lotsagarri bat bidaltzea,
inolako dotoretasunik gabe eta elkarrizketaren ustezko bultzatzaile gisa, GEZUR
biribila botatzeko: “MONDRAGON korporazioko ordezkariek hainbat bilera egin
dituzte, hala Fagor-Edesa kooperatibetako eragindakoen elkartearekin (Ordaindu
Elkartearekin) eta Eskuraturekin…”.
Berriro diogu: Ordainduk bilera BAKARRA (hasieran esan
duguna, orain urtebete) izan du Gisasolak dimititu ostean —horrekin ere BEHIN
egon zen—, eta ondorengo eskaera guztiei entzungor egin die, baita Akanpada
ostean joan den irailean egindakoari ere.
Orain, erakunde-deklarazioan esandakoaren arabera, ezin
diete Eskuraturen eta Ordainduren eskaerei erantzun, “Mondragonen izaeraz eta
errealitateaz kanpokoak direlako eta Mondragonek eskuduntzarik ere ez duelako…”,
eta “iritzia irmoa eta behin betikoa da, eta, beraz, Korporazioaren aldetik
amaitutzat jotzen dugu auzia…”.
Egiazki, ez dugu hitzik Korporazioaren zuzendaritzaren
portaera kalifikatzeko.
Eta, jakina, bitxia da Korporazioaren eta kooperatiben
arteko harremanak kolpe bakarrean ERAGIN guztietarako deuseztatzea. Dirudienez,
harremanok eta soluzioak lanpostuen alorrera mugatzen dira —esan beharra dago,
behar-beharrezkoak izan arren, horiek ere ez direla behar bestekoak—. Edonola
ere, ezin esan gabe utzi horiek OHITURA HISTORIKOAk direla Taldean, eta,
tradizioz, LAGUN ARO arduratu dela horiez, bere zereginetako bat baita.
Ikuspegi horretatik, berria da orain Korporazioa aritzea horretan.
Bitarteko ugari daude
gure arazoari irtenbidea emateko. Gogoan izan behar dugu, kooperatibetako
(bereziki, FEDeko) bazkiderik antzinakoenak izan ginela gaur egun LABORAL Kutxa
deritzona sortu genuenak, gure enpresak finantzatzeko. Kooperatibista guztiok
LABORAL Kutxaren bidez kobratu behar dugu nahitaez, eta, gainera, hantxe ditugu
gure aurrezkirik gehienak. Gaur egun, kreditu-kooperatiba horrek sekulako
mozkinak ditu, eta kearena egiten du: joanak joan. Gure arazoarentzat amaiera
ona nahi badugu, badago nahikoa aukera, auziari enkistatzen utzi gabe eta heldu
nahi ez dugun muturretaraino eraman gabe.
Edonola ere, oraindik ere tinko jarraitzen dugu, gurea zena,
eta dena, lortzeko. Egon badaude gurea konpontzeko bitartekoak. Halako
baieztapen biribilen aurrean, mobilizatzea eta erakundeetara jotzea dugu
irtenbide bakarra, eta, beharrezkoa izanez gero, epailearen aurrera jotzea. Kooperatismoaren
aurka, arduragabe eta senik zitalenekin jokatzeak kalte erdeinagarriak ekar
diezazkiguke denoi.
Ez dago psikologiako profesionalen elkargokoa izan beharrik,
erabateko ziurtasunak, ia beti, argudio ahulak, funtsik gabeak eta gutxi
landuak ezkutatzen dituela jakiteko. Irtenbide bizkor eta irudimenezkoak
bilatzera gonbidatu nahi ditugu Biltzarreko Batzorde Iraunkorra eta Mondragon. Elkarrizketa,
negoziazioa eta, bestela, etengabeko borroka proposatzen ditugu. Dorre
handiagoak ere erori dira eta.