Ordaindu plataformako ordezkaritza bat Markel Olano Ahaldun
Nagusiarekin batzartu zen atzo, eguena, euren aldarrikapenak aurrez
aurre helarazi eta ondarea handitu izanagatik aurreko Foru Gobernuak
kobratu zien zerga bueltatzea eskatzeko. Era berean, salatu dute
komunikabideek ez dutela behar den moduan ematen euren aldarrikapenen
berri.
Mondragon Taldean utzi zituzten aurrezkien itzulketa lortzeko
borrokan jarraitzen du Ordainduk eta borroka horretan urrats berriak
eman dituzte azken orduetan.
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin batzartu ziren atzo
euren aldarrikapenen berri aurrez aurre emateko eta, azaldu dutenez,
Diputatu Nagusia poztu egin zen Ordainduren ikuspuntua lehen eskutik
jaso izanagatik. Kaltetuek hainbat eskaera egin zizkioten: "Markel
Olanok gaia ulertu zuen eta elkartasuna erakutsi zigun. Eskatu genion
bere agerraldietan gure aldarrikapenak ere aintzat har ditzala eta ez
dadila, orain arte egin den moduan, gaia ezkutatu. Erabat ados zegoen
eta espero dugu horrela egingo duela. Horrez gain, gustatuko litzaiguke
Olanoren erantzunak ahalik eta gehien eragitea eta Mondragon Taldea
gurekin esertzea. Izan ere, gurekin hitz egin dezatela, hori da nahi
duguna. Gauzak ez badira hitz egiten ez dira-eta konpontzen", adierazi
du Ordainduko Luis Garatek.
Ondarea handitu izanagatik ordaindutakoa, bueltan
Bestalde, aurreko Foru Gobernuak ondarea handitu izanagatik kobratu
zien zerga ere izan zuten hizpide atzoko bileran, bertan egon zen-eta
Ogasun Diputatu Jabier Larrañaga. Gobernu berriak diru hori itzuli
egingo die baldintzak betetzen dituzten kaltetuei: "Kontua da ondasuna
handitu izanagatik zerga hori ordaindu zuen pertsonak eta diru hori foru
arauari jarraiki bueltatzea eskatu duenak ordaindutakoa jasoko duela,
ahalik eta lasterren. Hori bai, eskaera guztiek foru arauaren baldintzak
bete behar dituzte. Gainera, Diputazioen artean ezberdintasunak ere
egon daitezke; bide batez, eskatzen dugu hiru Aldundiak gai horretan
bateratu daitezela", dio Garatek.
Komunikabideen trataerarekin desados
Ordainduko kideek uste dute komunikabideetan ez dela behar besteko
argitasunarekin ematen euren aldarrikapenaren berri, eta
kooperatibarekin lotutako beste albiste batzuen ondoan gutxietsiak
sentitzen dira: "Ezin dira besteon aldarrikapenak modu horretan
gutxietsi. Sinesmen kooperatibistan oinarrituta hain justu, bere
aurrezkiak kooperatibaren garapenerako utzi zituzten pertsonak dira.
Orain ez du zentzurik ostrukarena egiteak edo pertsona horiena
ahazteak".
Mondragonekin negoziatzera zabalik oraindik
Aurrera begira eguenero Arrasaten egiten duten manifestazioarekin
jarraituko dutela iragarri dute Ordaindukoek eta zain daude Mondragon
Taldeari jarritako demandak zer emango duen ikusteko. Hala ere,
kooperatibarekin negoziatzen jarraitzeko prest daudela berretsi dute.
0
comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.
0 comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.