Estas aqui:Inicio » ORDAINDU EN LA PRENSA » Mediku-paperak dituzten bazkide-langileek salatu dute baztertu dituztela

Mediku-paperak dituzten bazkide-langileek salatu dute baztertu dituztela

MONDRABERRI 
190 pertsona inguruk osatzen dute elbarritasunen bat duten bazkideen kolektiboa. Kooperatiba ixtean “esan ziguten gu izango ginela lehenak birkokatuak izaten”, baina gaur egun horietako pertsona ugari ez dituzte birkokatu. Gainera, urria-azarotik aurrera ez dute langabezia-prestaziorik jasoko. Enplegu Bulegoak eta Errektore Kontseiluak kalte-ordaina, Gureak-en lan egitea edo aurrejubilazioa eskaintzen dizkiete. “Lan egin nahi dugu, ez gara alperrak” adierazi dute haserre bizian.

Goiko irudia eta portadakoa: Mediku-paperen plataforma / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2015eko maiatzak 27, asteazkena


Fagor Etxetresnetako 190 pertsona inguruk Mediku Auzitegi batek onartuak dizkie elbarritasuna daukatela.

Kooperatibaren inguruko giroetan “l@s de papéles médicos” bezala ezagunak dira (“mediku-paperak dauzkatenak”). Ezgaituak izeneko taldearen barrukoak dira. 

Arrazoi ezberdinengatik Fagor Etxetresnak ateak itxi zituenean, “esan ziguten gu izango ginela lehenak birkokatuak izaten” adierazi dio Mondraberriri mediku-paperen kolektiboak.

“Are gehiago, lehenak izan beharrean eurentzat (Errektore Kontseiluarentzat, Mondragon Korporazioarentzat eta Enplegu Bulegoarentzat) zerrendako azkenak gara”.

“Ulertzen dugu 1.700 pertsona ezin direla goizetik gauera birkokatu, baina gutako asko birkokapenen zerrendan azkenak jarri gaituzte, soldata baxuak eskaintzen dizkigute,...”.

Kooperatibaren itxiera prozesuan, “Medikuaren bulegotik, Erizaintza bulegotik orri batzuk bidali zizkiguten - azaldu dute plataformako kideek - eta orrietan komunikatu ziguten gutako bakoitzak birkokatua izateko daukan zailtasun maila”.

Hauetako bazkide batzuk “birkokatzeko zailak” bezala definitu zituzten, eta “birkokatzeko zerrendako azkenak jarri gintuzten”.

Zailtasunez gain, “gu birkokatzeko ez dabiltza euren eskuetan dagoen guztia egiten. Dagoeneko lanpostu onak eta txarrak banaturik daude, eta beraz orain are zailagoa izango da gu birkokatzea”.

Mediku-paperak dituzten pertsona ugarik “lan egin nahi dugu, ez gara alperrak, birkokatuak izatea nahi dugu, baina gutako batzuei ez digute itxieratik inoiz deitu”.

Ordea, askori bi aukera ematen dizkiete “derrigorrez aukeratzeko: kalte-ordaina jaso edo aurre-jubilatzea, birkokapena ez”. Badirudi kolektiboko 50 pertsona baino gehiagori aurre-jubilazioa eskaini dietela.

Beste batzuei Gureak tailerrean birkokatzea eskaini diete, “baina horretarako eszedentzia eskatu behar duzu, kooperatiben eremutik ateratzea suposatzen duelako”.

Gainera, mediku-paperak dituzten bazkide-langile batzuek ez dutela “Gureak bere tailerretan lan egiteko exijitzen duen elbarritasun mailarik, eta ez dute inoiz izango”.

Plataformako kideak prest daude Gureak-era lan egitera joateko, “baina 1.200 euro dagozkigunez, Gureak-eko 600 euroez gain, beste 600 euro jar ditzatela”.

Kolektibo honetako beste pertsona batzuei “daukaten patologiaren arabera, elbarritasun bat tramitatu dezatela (elbarritasun total bat, elbarritasun absolutu bat eska dezatela, eta totala ez dutenei totala eska dezatela) planteatzen diete”.

Kontuan hartu behar da azaroan langabezia-prestazioa jasotzen bukatuko dutela. “Bilerak egin ditugu Lagun Aroko lehendakariarekin, Fagor Taldeko lehendakariarekin, Fagor Taldeko Pertsonal Saileko buruarekin,… Hitz politak esan dizkigute, baina gero ez dute ezer egin eta berdinetan gaude”.

Azarotik aurrera ez dute langabezia-prestaziorik jasoko “eta ez dakigu zer-nolako egoeran geratuko garen”.

“Orain direla 7 hilabetetik hona Fagor Etxetresnetakoak ziren mediku-paperetako pertsona batzuei Lagun Arok ez die kotizatu Gizarte Segurantzara, badirudi Udalaitz kooperatiba sorreraren ondorioz. Lagun Arora %100ean kotizatzen diote, baina Gizarte Segurantzan ez. Birkokapen batek arazo hau konponduko luke, baina ez dute gu birkokatzeko borondaterik”.

Plataformako kideen hitzetan, “egoera honetara behartu gaituzte, gu kalte-ordaina hartu eta bazkide izaera gal dezagun”.

Kontuan hartu behar da “bazkide ugariren elbarritasunak ez direla jatorrizkoak, elbarritasun batzuk lanak eragindakoak dira”. Eta deigarria da “bazkide batzuek ez zekitela mediku-paperak zituztela”.

“Lan egitea eskatzen dugu, lan egin nahi dugu, nahiz eta eurek gu desprestigiatzeko dioten ez dugula lanik egin nahi”.

Lan egiteko asmoz, “Enplegu Bulegora ezin zara bertaratu, hau da, telefono bidez edo email bidez ahalegindu behar zara eurekin kontaktuan jartzen. Behin, bazkide talde bat saiatu zen Enplegu Bulegora sartzen, eta bulegokoek erantzun zieten handik irten ezean, Ertzaintzari abisatuko ziotela. Bulego hori okultismoan ezkutatzen da”.

“Bulegokoen tratua iraingarria da, eta bazkide batzuk tratu horren beldur direnez, ez dute telefonoz deitzen, eta deitzen ez dutenez bulegoak ondorioztatzen du lan egiteko gogorik ez dutela, eta hori publikoki esaten du”.

“Gureak-en soldatak 500-600-700 eurokoak dira, eta mediku-paperak dituzten pertsona batzuk onartu dute Gureak-en lan egitea, batez ere langabezia-prestazioaren epea luzatu ahal izateko. Pertsona horiek ez al dute lan egiteko gogorik? Noski baietz, eta noski beste kooperatiba batean lan egitea nahi luketela, Gureak-i errespetu osoz”.

Kolektibo honetako zenbait pertsona “saiatu gara birkokapenetako lanpostu batzuk betetzen, nahiz eta aurrez jakin bagenekien zailtasun handiak izango genituela hori betetzeko. Hori ez da alperra izatea”.

Euren eskubideak ere errespeta daitezen, zenbait bilera egin dituzte. Errektore Kontseiluarekin eta Enplegu Ofizinarekin bilera egin zutenean, “adierazi ziguten 50 urtetik gorako mediku-paperadunentzat beste aukera bat zutela, hemendik 5 urtera aurre-jubilatu ahal daitezen. Lanpostu horiek beteko lituzketenei hilabetero euren lanerako jarrera eta konpromisoa aztertuko liekete, eta gainera soldataren zati bat soilik ordainduko liekete, 700 euro ingurukoa”.

Hori argudiatzeko “eurek esango dute guk ez dugula %100ean lan egiten, baina hori gezurra da: lanpostu bat ere ez da egokitu mediku-paperak dituzten bazkideentzat. Are gehiago, horrelako pertsona asko lanpostura egokitu behar izan dira, eta %110era lan egin dute”.

Mediku-paperak dituztenen artean badaude birkokatzeko zailtasun oso handiak dituztenak eta birkokatuak izan direnak. Zailtasun oso handiak dituztenei kalte-ordainak planteatu dizkiete.

Laburbilduz, “eurei ez zaizkie osasuna, kooperatibismoaren baloreak,... inporta. Dirua da euren irizpide nagusia”.

Egoera honetan “inork ez gaitu lagundu, ez Errektore Kontseiluak, ez Enplegu Bulegoak, ez instituzio publikoek, ezta gure lankideek ere. Gure arteko laguntza baino ez daukagu. Haserre bizian gaude”.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.