Estas aqui:Inicio » COMUNICADOS » EHU-REN AZTERLANA FAGOR ELECTRODOMÉSTICOS HONDORATZEKO ARRAZOIEI BURUZ

EHU-REN AZTERLANA FAGOR ELECTRODOMÉSTICOS HONDORATZEKO ARRAZOIEI BURUZ

Egunotan barra-barra dabil euskal komunikabideetan, eta tokiko eta estatukoetan, Fagor Electrodomésticos (FED) hondoratzeko arrazoiei buruz EHUk egin duen azterlana.
Nepotismoari eta giza baliabideetako politika eztabaidagarri bati egozten die, batez ere, hondorapena. Kooperatibako zuzendarien eta MCCren erantzukizuna «egiten uztea» izan dela diote. Gogoan izan behar da MCC FEDeko zuzendari ohiez beteta zegoela eta erabaki estrategiko guztietan hartzen zuela parte.

Langile-politika (bazkide berriak egitea) hedatzeko proiektuei lotuta egon da, hala nola Brandt erosteari, Poloniako hedapenari…, eta horiek kooperatibaren zuzendaritzak proposatu, babestu eta erabaki ditu, MCCren abalarekin. Hedapen-politika horiek sekulako porrota izan dira. Enpresa multinazional kooperatibo ertainetan, bazkide xeheek ez dute ez bitartekorik ez ezagutzarik ordezko proiektuak proposatzeko.

Bitxia da, benetan, azterlana EHUk egin izana, FED hondoratu eta ia sei urtera.
Bitxia, kontuan harturik MONDRAGONek MU duela kide, eta horrek ezin hobeto ezagutzen duela kooperatiben funtzionamendua eta bitartekoak, eta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia duela… Bitxia, halaber, ia berrogei urtean FEDeko bazkide izan garenoi kooperatibak eta MCCk ez digutela inolako azalpenik eman FEDen hondoratzeari buruz, eta EHUren bitartez «jakin» behar izan dugula gertatutakoa. Gaur gaurkoz ez da inolako azalpen-batzarrik egin ukitutako taldearekin, eta, beraz, larriki urratu dira kooperatibaren estatutuak.

Azterlanaren alderdietako batzuk eztabaidagarriak dira, inondik ere.
Bazkide berriak hautatzeko, Fagor taldearen (Copreciren, Ederlanen, Electrónica Arrasateren…) araudia hartzen zen aintzat, eta bazkideen seme-alabak lehenesten ziren hein batean. Fagor taldearen Kontseilu Nagusia arduratzen zen bazkide berriak onartu eta kooperatibetan banatzeaz. Ez dugu uste araudi hori izan denik FEDen gainbehera ekarri duena; politika bera darabilten beste kooperatiba batzuk bizirik jarraitzen dute, eta emaitza bikainekin gainera.

Azterlanak dioenez, absentismo-indizea (gazteena, batez ere) handia zen FEDen; baina, taldeko gainerako kooperatibetan baino apur bat handiagoa baino ez zen. FED izan zen bazkide berri gehien hartu zituena. Beste arrazoi batzuk izan daitezke lana antolatzeko zenbait modu (kateak: jarduera handia, mugimendu errepikakorrak, eduki gutxi eta ohitu gabeko gorputzak...) eta laneko osasunaren alorreko arazoak. Eta apriorismoz kuantifikatzen zailak diren arrazoi soziologikoak ere badaude.
Alderantzizko menderatzea. Arizmendiarrietak kooperatiben mugimendua sortu zuenean, funtsezko tesi hau zuen: enpresak garatu ahala, kooperatiba-espiritua ere garatu egingo zela. 
Alabaina, ez da halakorik gertatu; aurkakoa baizik. Baina ez FEDen bakarrik, euskal kooperatibagintza osoan. Egoera horrek azterlan sakonagoa behar du. 

Autokudeaketan eta partaidetzan oinarritutako sistema da kooperatibismoa, teorian behintzat, eta taldeari parte-hartze handia eskatzen dio —Kontseilu Sozialak, Kontseilu Errektoreak…—. Beste gauza bat da ikustea ea multinazional kooperatibo ertainetan posible ote den partaidetzan oinarritutako autokudeaketa.
 Kontuan hartu behar da kapitala kolektiboa dela kooperatibetan eta arauak daudela erabakiak hartzeko eta emaitzak banatzeko (kapitaleko enpresetan ez bezalakoak). 
Kooperatibetan, enpresaren etorkizuna bermatuko duten funtzionamendurako eta inbertsioetarako gordetzen da irabazien % 10 gutxienez, Erreserba Fondoa.

Azterlanetik ondoriozta daiteke kontraesana dagoela enpresa kooperatiboaren, partaidetzakoaren eta errentagarriaren artean. Komeniko litzateke kooperatibismoak zenbait eskalatan dituen kontraesanak aztertzea, adibidez: kolektiboan sortzen den kide izatearen kontzientzia falta eta postulatu klasikoetan sinesteko zailtasuna. Gure ustez, FED hondoratzeak zalantza ugari sortzen ditu, langile-politikaz harago.

Zalantza garrantzitsuagoak eta sakonagoak. Kooperatibako zuzendarien hutsegite taktiko eta estrategikoen ondorioz hondoratu zen FED, eta MCCk horiek babestu eta onartu zituelako. Hutsegiteotan, gainera, krisialdi ekonomikoak eta, ondorioz, eraikuntzarenak ere izan zuen, hein batean, eragina. Etxetresna elektrikoetan 65 urtetik gorako esperientzia eta ezagutza handia zuen FEDek. Hortxe dugu, hemendik gertu (Zaragozan), Balay enpresa (BSH) negozioari errentagarritasuna ateratzen, oraindik ere. Eta FED ere errentagarri bihurtu ahal izango genuen, mahai gainean egon zen eta azken unean baztertu zen bideragarritasun-planarekin. 

Fagor taldeko kooperatiba batzuek, eta kanpoko beste batzuek ere, krisialdi gogorrak gainditu dituzte. Irizar, adibidez, krisi gogorrak jo zuen aurreko mendeko laurogeita hamarreko urteetan; baina, 2000. urtean, «munduko autobus- eraikitzailerik efizienteena» zela esan zuen The Economist aldizkariak.
MCCk, FEDeko zuzendaritzarekin batera, arduragabetasun handiz jokatu zuen, eta arazo ugari sortu zituen (oraindik orain, noiz konponduko gaude). Erortzen utzi zion kooperatibari, eta, harekin batera, 2.000 inguru langileri; horietatik, % 25,16k soilik lortu dute lanpostua finkatzea. Horren aurrean, FEDeko 1.000 inguru bazkide ohik, Ordaindu eta Eskuratu taldeetan elkarturik, epaitegietara jo behar izan dugu, kooperatibari laga genizkion 50 milioi inguru euro erreklamatzeko.

Ondo legoke MCCk bere baliabideak (MU?) erabiltzea, zuzendaritzak egin zituen hanka- sartze estrategikoak eta horiek ekarritako ondorioak sakonki aztertzeko. Errua bazkide xeheari botatzea erraza da beti…, baina ez du inork sinesten.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.