Mondraberri, 2014ko otsailak 6, osteguna
Ordainduko kaltetu ugarik martxa eta kontzentrazioa
egin dute, Mondragon Korporazioaren parean. Protesta honetan, Azpeitiko
Grumaleko zenbait langileren laguntza izan dute. Ordaindu adierazi du
egungo eredu kooperatiboa “arriskuan” dagoela. Elkarteak gutuna
entregatu du korporazioaren egoitzan.
Ordaindu elkarteko kaltetu ugarik, Grumal enpresako zenbait langileren laguntzaz, martxa eta kontzentrazioa egin dituzte gaur goizean, Mondragon Korporazioaren egoitza parean. Laboral Kutxa parean ere geldiunea egin dute.
Ordainduko ordezkari batek, Mikel Olabek, adierazi du elkartearen helburua ez dela soilik kaltetuei dirua itzul diezaietela. Izan ere, dirua ez bueltatzea "giza arazoak" sortzen dabil.
Bide horretan, salatu du "Mondragonen oro har balore kooperatiboak ahaztu" direla. Horregatik, egungo egoeran, modelo kooperatiboa "arriskuan" dela ohartarazi du
Idatzia Batzorde Iraunkorrari
Giza-katearen ostean Ordaindu plataformako bozeramaileek idatzi bat entregatu dute Mondragon Taldearen egoitzan, Batzorde Iraunkorrari zuzendutakoa. Izan ere, orain dela pare bat hilabete bilera izan zuten organo horren kide Txema Gisasola , Mikel Zabala eta Arantza Laskurainekin. Batzar horretan aurrerago bilera berri bat egitea adostu zuen, eta urtarrilaren 24rako eman zieten hitzordua.
Jakinekoa den moduan, orain direla aste batzuk Gisasolak dimisioa aurkeztu zuen eta, honenbestez, aipatutako bilera hori bertan behera geratu zen. Honen aurrean, Ordaindukoek hitzordu berri bat eskatu zuten, “urgentziazkoa eta urtarrilaren 28rako”. Gaur Mondragon Taldean aurkeztutako idatzian diotenez, otsailaren 13rako eman diete hitzordu berria.
Euren hitzetan, “egungo Batzorde Iraunkorreko kide diren Mikel Zabala eta Arantza Laskurain aurrean zirela, Gisasolak gurekin hitz egin eta borondatezko ekarpenak eta kapital sozialerako maileguengatik zor diguten diruaren gaineko arazoari konponbidea emateko proposamena aurkeztuko zuela zin egin zigun”. Aipatutako idatzian salatzen dutenez, “arazoa legez kanpoko ordainketa eza hutsa baino ez da”.
Ordaindu plataforma kooperatibako bazkide den edo izandako jendeaz osatutako dagoela gogorarazten dute; “hemen erabakiak dagozkien eremuetan hartzen direla esan digute behin eta berriz, baita horien guztien berri era zuzenean ematen dela ere eta, horregatik, guri ez ordaintzea zioen erabakia non hartu zen jakin nahi dugu”. Idatzian salatzen dutenez, “Fagor Etxetresnak hartzekodunen lehiaketan sartu aurretik gure produktuengatik ez ordaintzearen erabakia hartu zuen idatzi honen hartzaileak, eta baita beste organo batzuek ere. Hori horrela izan zela dioten pisuzko frogak izan badauzkagu”.
Honen aurrean, jokatzeko era horren atzean arduradun batzuk daudela diote, “eta horien kontra legezko neurriak hartzea aztertzen ari gara gure gabinete juridikoarekin”. Izan ere, Mondragon Taldeak ordainketa egin arte “mobilizazio eta presiozko neurriei” eutsiko dietela azpimarratzen dute; “hori baino lehen, eta kooperatibismoaren jokaerak agintzen duen moduan, beste negoziazio bide guztiak agortu nahi ditugu”.
Horregatik, gaurko idatzian Batzorde Iraunkorrari bilera bat eskatu diote: “Arazo honi konponbide bat bilatze aldera, zuekin bildu nahi gara ahalik eta lasterren, produktu horien gaineko ordainketa eza horren atzean benetan dramatikoak diren egoerak baitaude”.
Ekitaldiaren bukaeran Ordainduko ordezkaritza batek gutuna entregatu du korporazioaren egoitzan.

0 comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.