MONDRABERRI Testua: Mikel Arregi Askasibar / Argazkiak: MAA / 2015eko urtarrilaren 27a, martizena
Gaur arratsaldez egin den udalbatzan izan diren zinegotzi guztiek babesa eman diote Ordainduk aurkeztutako mozioari. Kaltetuek hitza hartu dute plenoan, eta Fagor Etxetresnen itxieraren ostean bizi duten egoeraren berri eman dute. Pleno aretoa goraino bete da.
Kontsensu osoz onartu du gaur arratsaldez egin den plenoak Ordainduk aurkeztu duen mozioa. Fagor Etxetresnen kaltetuak biltzen dituen taldeak hilabete luzez egindako bileretan adostu du testua Udaleko talde politiko desberdinekin, eta gaur elkarrizketen fruituak ikusi ahal izan dituzte udaletxeko pleno aretoa goraino bete duten Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek. Bildu, PNV, PSE eta Aralarrek onartutako testuak ondorengo eskaerak Udalak kaltetuen eta Mondragon Korporazioaren artean bitartekaritza lanak egiteko eskatzen du.
Hau horrela, lanpostua galdu duten pertsona guztiak berriro lanposturen baten kokatu ditzala eskatzen zaio Mondragoni; eta horretarako, behar diren neurriak hartzeko gonbita egiten zaio. Honez gain, kooperatibisten aurre-erretiroak duinak izan daitezela eta borondatezko ekarpenak, maileguak eta kooperatiban baja eman eta gero, erabakitzeke dauden itzulketak egiteko exijitzen da. Helburu hauek betetzeko, Udalak bere esku dagoen guztia egingo duela dio onartutako mozioak, eta bide horretan elkarrizketa erabiliko duela ere aipatzen da. Arrasateko Udalak gainontzeko administrazio publikoei (testuak Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua aipatzen ditu) bere eskutan dauden baliabide guztiak jartzeko eskatzen die gainera.
Esan bezala plenora Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kide ugari hurbildu da. Hitza hartzen lehena, Mikel Olabe
izan da, eta hitzaldi luze bezain sakonean Ordainduk Fagor Etxetresnen
itxieratik hona egin dituen aldarrikapenen arrazoiak zerrendatu ditu.
Olabek azaldu duenez, “Fagor Etxetresnen gainbehera internazionalizazio
eta hedapen estrategia okerren” ondotik etorri da, eta erabaki horien ardura Mondragon Korporazioari egotzi
dio. Azken erakunde honen sorreran Fagor Etxetresnek izan zuten
protagonismoa ere gogoratu du Olabek, eta orduko balore kooperatiboak
gogoraraziz, kooperatiba “partehartzaile eta asanblearioa”-ren eredua aldarrikatu
du. Hori dela eta, etorkizunean Mondragon Taldeak eredu kooperatiboaren
inguruko hausnarketa egin beharko lukeela aipatu du “pertsonak
erakundeen gainetik” jarriz.Mikel Olaberen hitzei, Joseba Errasti kaltetuarenak jarraitu die. Berak, Fagorretik kanporatutako bazkide birkokatuen izenean hitz egin du, eta kolektibo honek egun bizi duen egoera azaldu du. Errastik salatu duenez, birkokatuak lanean jartzeko behin-behineko langileak kalera bota dituzte zenbait kooperatibek; eta honen ondotik, birkokatutako langileak lan-baldintza txarragotan lan egiten ari direla esan du. “Fagor Etxetresnetan genuen soldataren %64a jasotzen dugu, ez digute senide kontziliazioa errespetatzen, eta lanean bi urte egiten ditugunean kalean eta Lagun Aroren babesik gabe geratuko gara” esan du Errastik ikusleen txaloen artean.
Ordainduko kaltetuen artean hitz egiten azkena Naiara Herrero izan da. Gurpildun aulkian jarrita, Herrerok Fagor Etxetresnen itxieraren harira aurrezkiak galdu dituzten bazkideen izenean hitz egin du. Berak esan duenez, 30 eta 40 mila euro artean zor zaie bazkide ohi bakoitzari. “Jende xumea gara Ordaindu eta Eskuratu elkarteak osatzen ditugun 1100 pertsonak” esan du. Denera, kaltetuek Mondragon Taldeari 50 milioi euro eskatzen diotela adierazi du Naiara Herrerok.

0 comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.