Estas aqui:Inicio » COMUNICADOS » KOOPERATIBEN BILTZARRAREN BATZORDE IRAUNKORRAREN AGIRIARI ERANTZUNEZ

KOOPERATIBEN BILTZARRAREN BATZORDE IRAUNKORRAREN AGIRIARI ERANTZUNEZ

Txema Gisasolak dimititu ostean, Behin-behineko Kudeaketa Batzordea zeritzonak Korporazioko bi kide bidali zituen gurekin hitz egiteko. Horiek esan zigutenez, Behin-behineko Kudeaketa Batzordea ohiko kudeaketaz arduratuko zen soilik, lehendakari berria hautatu arte, eta ez zuten guretzako irtenbiderik. Harrezkero, urte osoan zehar, elkarrizketak eskatu ditugu behin eta berriro, baina EZ digute eman. Aurreko lehendakariak (Txema Gisasolak) arazo bat genuela aitortu zuen, eta irtenbideak egon egon zitezkeela.

Gaur egun, halere, bere buruari Biltzarraren Batzorde Iraunkorra izena eman dion eta nork osatzen duen ere ez dakigun organo batek erakunde-deklarazio bat atera du, gure erreibindikazioekiko jarrera azaltzeko. Deklarazio hori, BAINA, harrigarria bada ere, erakundearen webgune batean (TU Lankiderenean) zintzilikatzera eta, ustez, Noticias de Gipuzkoa egunkarira bidaltzera mugatu da. Egunkari horretan eta hirugarren baten ahotik izan dugu albistearen berri.

Tamalez, erakunde horrek ez du bere burua agertu (oraindik ere ez baitakigu nork osatzen duen) eta, gainera, ez du aurrez aurre erantzuteko adorerik ere izan, nahiz eta, hainbatetan eta zenbait bitarteko erabiliz, Mondragoneko zuzendaritzari hitzordua eskatu diogun. Gaitzesgarria benetan. Gaitzesgarria da, halaber, Behin-behineko Kudeaketa Batzordeak (ezagutu dugun eta zuzenean eta zeharka solaskide izan dugun erakunde bakarrak) edo, itxuraz behintzat, haren ordezkoa den organoak, Biltzarraren Batzorde Iraunkorrak, gu hartzeari uko egin ostean, jakinarazpen lotsagarri bat bidaltzea, inolako dotoretasunik gabe eta elkarrizketaren ustezko bultzatzaile gisa, GEZUR biribila botatzeko: “MONDRAGON korporazioko ordezkariek hainbat bilera egin dituzte, hala Fagor-Edesa kooperatibetako eragindakoen elkartearekin (Ordaindu Elkartearekin) eta Eskuraturekin…”.

Berriro diogu: Ordainduk bilera BAKARRA (hasieran esan duguna, orain urtebete) izan du Gisasolak dimititu ostean —horrekin ere BEHIN egon zen—, eta ondorengo eskaera guztiei entzungor egin die, baita Akanpada ostean joan den irailean egindakoari ere.

Orain, erakunde-deklarazioan esandakoaren arabera, ezin diete Eskuraturen eta Ordainduren eskaerei erantzun, “Mondragonen izaeraz eta errealitateaz kanpokoak direlako eta Mondragonek eskuduntzarik ere ez duelako…”, eta “iritzia irmoa eta behin betikoa da, eta, beraz, Korporazioaren aldetik amaitutzat jotzen dugu auzia…”.

Egiazki, ez dugu hitzik Korporazioaren zuzendaritzaren portaera kalifikatzeko.

Eta, jakina, bitxia da Korporazioaren eta kooperatiben arteko harremanak kolpe bakarrean ERAGIN guztietarako deuseztatzea. Dirudienez, harremanok eta soluzioak lanpostuen alorrera mugatzen dira —esan beharra dago, behar-beharrezkoak izan arren, horiek ere ez direla behar bestekoak—. Edonola ere, ezin esan gabe utzi horiek OHITURA HISTORIKOAk direla Taldean, eta, tradizioz, LAGUN ARO arduratu dela horiez, bere zereginetako bat baita. Ikuspegi horretatik, berria da orain Korporazioa aritzea horretan.

 Bitarteko ugari daude gure arazoari irtenbidea emateko. Gogoan izan behar dugu, kooperatibetako (bereziki, FEDeko) bazkiderik antzinakoenak izan ginela gaur egun LABORAL Kutxa deritzona sortu genuenak, gure enpresak finantzatzeko. Kooperatibista guztiok LABORAL Kutxaren bidez kobratu behar dugu nahitaez, eta, gainera, hantxe ditugu gure aurrezkirik gehienak. Gaur egun, kreditu-kooperatiba horrek sekulako mozkinak ditu, eta kearena egiten du: joanak joan. Gure arazoarentzat amaiera ona nahi badugu, badago nahikoa aukera, auziari enkistatzen utzi gabe eta heldu nahi ez dugun muturretaraino eraman gabe.

Edonola ere, oraindik ere tinko jarraitzen dugu, gurea zena, eta dena, lortzeko. Egon badaude gurea konpontzeko bitartekoak. Halako baieztapen biribilen aurrean, mobilizatzea eta erakundeetara jotzea dugu irtenbide bakarra, eta, beharrezkoa izanez gero, epailearen aurrera jotzea. Kooperatismoaren aurka, arduragabe eta senik zitalenekin jokatzeak kalte erdeinagarriak ekar diezazkiguke denoi.

Ez dago psikologiako profesionalen elkargokoa izan beharrik, erabateko ziurtasunak, ia beti, argudio ahulak, funtsik gabeak eta gutxi landuak ezkutatzen dituela jakiteko. Irtenbide bizkor eta irudimenezkoak bilatzera gonbidatu nahi ditugu Biltzarreko Batzorde Iraunkorra eta Mondragon. Elkarrizketa, negoziazioa eta, bestela, etengabeko borroka proposatzen ditugu. Dorre handiagoak ere erori dira eta.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.