Estas aqui:Inicio » ORDAINDU EN LA PRENSA » Enpleguaren eta kapitalak itzultzearen aldeko manifestazioa zapatuan

Enpleguaren eta kapitalak itzultzearen aldeko manifestazioa zapatuan

Mondraberri 2014ko urriaren 22, eguaztena

Fagor Etxetresnen itxieragatik kaltetutakoen elkarteek manifestazio bateratua egingo dute datorren zapatuan. Mobilizazioak bi eskakizun izango ditu: kaleratutako langileen enplegua bermatzea, eta bazkideek jarritako kapitala itzultzea. Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan zapatuan 11.30tan Fagorren San Andreseko lantegitik irtengo den manifestazioa.


Galdutako enpleguak berreskuratzeko eta Fagor Etxetresnetan bazkideek jarritako kapitalen itzulera eskatzeko, manifestazio bateratua egingo dute Fagorren itxierak kaltetutako herritarrak biltzen dituzten elkarte desberdinek. Gaur arratsaldez prentsaurrekoan aurkeztu dute datorren asteburuan egingo den mobilizazioa. Deitzaileek hitzordua goizeko 11.30tan jarri dute Fagor Etxetresnen lantegian San Andresen.

Esan bezala manifestazio honek bi eskakizun nagusi izango ditu: bazkideek jarritako kapitalen itzulera, eta kalean geratu ziren langileentzat enplegu finkoa lortzea. Gaurkoan bozeramaile lanak egin dituen Mikel Olabe Ordainduko kideak azaldu duenez, denera 1500 langile dira Fagorren zuten lanpostu finkoa galdu dutenak. Beraietako 411k gainera, ez dute denbora tarte honetan beste kooperatibetan lanean hasteko eskaintzarik jaso, eta beste urte betez egoera horretan egon ezkero, langabezia prestazioa jasotzeari utzi egingo diotela ohartarazi du Olabek. 411 langile hauez gain, kooperatibetan birkolokatuak izan diren gainontzeko langileek ere ez dute momentuotan lan finkorik; eta horregatik, kolektibo guztiarentzat enplegu finkoa eskatu nahi dute katetutako elkarteek.

Kapitalen zorrari dagokienez, Mondragon Taldeari negoziatzeko eskaria luzatu diote beste behin. MCCk denera, kapital sozial, borondatezko ekarpen edo merkatu maileguetan 77 milioi euro zor dituela adierazi dute kaltetuek gaur arratsaldeko prentsaurrekoan. Beraietatik 13 Basauriko Edesako langileentzat izango liratezke, 50 Arrasateko Ordaindurentzat eta 4 milioi euro elkarteetatik kanpo geratu diren bazkideentzat. Guzti hauek bueltatzeko mozkinak dituzten kooperatibekin hitz egin dezala eskatu diote Mondragoni kaltetuek, eta operazio hori finantzatzeko Laboral Kutxaren etekinak erabili daitezkeela aipatu dute.

Beraien ustetan, Mondragonek kooperatiben balioak berreskuratu beharko lituzke etorkizunean. Azaroan taldeak egingo duen kongresura begira, bere jarduna kontrolatzeko helburua izango lukeen batzorde soziala sortzeko eskatuko dutela aurreratu dute kaltetuek. Hau gutxi balitz, Mondragon Taldeko zuzendaritza, taldea osatzen duten kooperatibetako bazkideen artean sufragio unibertsalez aukeratzeko proposamena egingo dutela ere esan dute. Bide horretan, eta Fagor Etxetresnekin gertatu zena gogoan, balore kooperatiboak berreskuratu, eta kooperatiben artean lana banatzeko eskaera egin dute. Helburuok lortzeko mobilizaziotan parte hartzeko deia egin diete kooperatibista zein herritar guztiei.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.