Estas aqui:Inicio » ORDAINDU EN LA PRENSA » 500 kaltetu inguru biltzen ditu egun Ordaindu plataformak

500 kaltetu inguru biltzen ditu egun Ordaindu plataformak

Mondraberri,  2014/01/09

Gaur, eguena, elkarretaratzea egin dute beste behin Biteri plazan. Bertan, azken informazioak banatu dituzte kaltetuekin eta jakinarazi dute urtarrilaren 23an, asanblada egingo dutela guzti hauekin.

595 (id: 1784633)

Ordaindu plataformako kideek Gabon osteko lehen elkarretaratzea egin dute Biteri plazan eta borondatezko ekarpenak itzultzeko aldarrikapena herrian zabaltzeaz gain, azkeneko albisteen berri eman dute arduradunek. Hauek adierazi digutenez, lanez lepo dabiltza azken egunotan eta gaurkoan ere, jendetza bildu da elkarretaratzean.

Esan moduan, lan ugari izan dute Ordaindu plataformako arduradunek Gabonetan zehar eta besteak beste, Kontsubiderekin (Euskal Kontsumo Institutua) harremanetan jarri dira, honek bitartekari lanak egin ditzan. Bestetik, kabinete juridiko ezberdinekin harremanetan jartzen ari dira baita ere, dena delako ezadostasunak gertatuz gero, beharrezko errekurtsoak aurkezteko.

Gaur adierazi dutenez, urtarrilaren 24an, Txema Gisasolarekin bilduko dira beste behin, arazoari irtenbideren bat aurkitzen saiatzeko eta ea honek proposamenik luzatzen dien ezagutzeko.

Aste honetan zehar, Arrasate pasealekuko lokalean Fagor Etxetresnetako borondatezko ekarpenak eta kapital sozialerako maileguengatik kaltetuen datuak batzen jardun da Ordaindu plataforma, honi izaera juridikoa emateko eta elkarte gisa eratzeko. Gaurkoan, legeztatzea aurrera doala adierazi dute eta gaineratu dute kaltetuen gehiengoak bat egin duela Ordaindurekin, “500 lagun gaude, gutxi gora-behera, apuntatuta”, jakinarazi dute plataformako arduradunek.

Astelehenean Arrasate pasealekuan egongo dira kaltetuen datuak batzeko

Honekin batera, gaineratu dute datorren astelehenean Arrasate pasealekuan egongo direla beste behin, goizeko 9:00etatik 12:00etara. Bertan, jendearen datuak batzen jarraituko dute, bakoitzari zenbateko diru kopurua zor zaion eta administrazio konkurtsalarekin bat datorren jakiteko, alegia. Azpimarratu dute arazoari irtenbidea emateko, kaltetuen arteko batasuna oinarrizkoa izango dela. Bukatzeko, gaineratu dute datorren urtarrilaren 23an asanblada egingo dela kaltetu guztiekin batera, baina oraindik ez dute argitu non izango den hau. Kulturaten egitea aurreikusten zuen Ordaindu plataformak, baina kaltetuen kopuru handia ikusita, Amaia Antzokian egitea aztertzen ari dira.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.