Estas aqui:Inicio » ORDAINDU EN LA PRENSA » Ordainduk mobilizazioekin jarraituko du ostegun honetan

Ordainduk mobilizazioekin jarraituko du ostegun honetan

Mondraberri, 2014ko urtarrilak 28, asteartea

16:00etatik 17:30etara kaltetuen datuak jasoko dituzte Arrasate pasealekuko lokalean eta, ondoren, elkarretaratzea egingo dute Biteri plazan. Oraingo honetan Iturriotz kaleko Laboral Kutxara ere gerturatuko dira, saldutako produktuen dirua itzultzea eskatzeko.


Ostegun honetan, hilak 30, Ordaindu plataformak berriro ere Fagor Etxetresnen borondatezko diru-ekarpenak eta kapital sozialerako maileguengatik kaltetutakoen datuak jasotzen jarraituko du.  Ohikoa den moduan, elkarteko arduradunak Arrasate pasealekuko 3. zenbakian dagoen Gautenako lokalean izango dira, arratsaldeko 16:00ak eta 17:30ak bitartean.

Honetaz gain, egun berean kaltetuek asteroko elkarretaratzea egingo dute Biteri plazan arratsaldeko 18:00etan eta, aurrekoetan ez bezala, oraingo honetan kale bilkura amaitzerakoan Iturriotz kalean Laboral Kutxak duen bulegora joango dira, “finantza entitate honek ere gure produktuen dirua itzultzeko konpromisoa har dezala eskatzera”. 

Ordaindu plataformatik diotenez, Fagor Etxetresnen hartzekodunen konkurtsoaren ondorioak “larriak” izaten ari dira familia askorentzat:  “birkokapenak direla-eta behien behineko langile askok euren lanpostuak galdu dituzte, bazkide asko langabezian geratu dira, beste batzuk pentsio eskarekin aurre-jubilatzera ikusi dute behartuta euren burua, eta elbarritu askoren etorkizuna orain beltzagoa da”. 

Kaltetu hauei guztiei euren elkartasuna adierazteko egingo dute elkarretaratzea Laboral Kutxaren aurrean ostegun arratsaldean, baita euren eskubideak aldarrikatzeko ere, “bidegabea delako jubilatuei borondatezko diru-ekarpenak eta kapital sozialerako maileguak ez itzultzea”. 

590 (id: 6249545)Ordainduko kideak Kulturaten egindako batzar batean.

Gaineratzen dutenez, Laboral Kutxa ere Fagor Etxetresnen porrotaren erantzulea bada, besteak beste, “enpresa ahuldu eta gero -2006 eta 2013a bitartean 11.000 behargin izatetik 5.000 izatera pasatu zen- produktu hauek saltzen jarraitu zuelako”.  Errektore Kontseiluari ere bere errua leporatzen diote, “dagokiguna behar zen moduan ez itzuli eta, aldi berean, borondatezko diru-ekarpenak publikoki eskaintzen jarraitzeagatik nahiz eta itzulezinak zirela jakin”.

Arrazoi hauengatik, eta beste batzuengatik ere, Ordainduk “beraien erantzukizunei aurre egin diezaiotela” eskatzen diote Laboral Kutxa eta Mondragon Taldeari.  Era berean, “Mondragon sistema kooperatibistaren baitan guren kudeatzaileen profesionaltasuna eta zintzotasunean sinistu dugunongan eragindako arazoak konpondu ditzatela” ere eskatzen dute.  “Ez dugu eskupekorik nahi, ezta diru publikorik ere arazo pribatuak konpontzeko”.

0 comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.